Seinale batzuen arabera, Euskal Herrian mahastiak baziren, aro giristinoa baino lehen, baina hain segur, mahastizaintza Erromatarren denboran agertu zen, III. mendean.
XII. mendetik goiti, Orreagako monasterioko fraileek mahastiak ezarri zituzten, Irulegiko eta Anhauzeko prioretxeen inguruetan. Han ekoizten zen arnoak bihotza berotzen zien Donejakue bidean ziren beilariei.
XVI. mendetik goiti, Urdozeko Bizkondeak sustaturik, mahastia biziki garatu zen. Garapen horrek XIX. mendea arte segitu zuen.
Zorigaitzez, XX. mendean, filoxerak mahastiaren parte haundi bat suntsitu zuen. Orduan, laborari anitzek mahastizaintza bere gisa utzi zuten eta hazkuntzan edo bertze laborantza ekoizpen batzuetan hasi ziren.
Hala ere, arnoak fama ona atxiki zuen. Horren froga da 1945eko abenduaren 17an Irulegiko Arnoen lehen Sindikatua sortu zela. Urrats horrek mahastiaren berpiztea abiarazi zuen. Gero, 1952an, Irulegiko arnoen soto kooperatiboa sortu zen. Bide horri segituz, mahastiak Jatorri Deitura Kontrolatua (AOC) erdietsi zuen, 1970eko azaroaren 29an. Ezagutza honi eta mahastizainen lanari esker, Irulegiko arnoek gero eta arrakasta gehiago ukan zuten, eta ukaiten segitzen dute.
1980ren eta 1995en artean, mahastien azalera hirukoiztu zen eta deituraren eremuak 15 herri hartzen ditu, gaur egun.
Geroztik, mahastien azalera emekiago zabaltzen da, deiturari ezagutuago izateko denbora utziz.
Gaurko egunean, deiturak 18 mahastizain independente eta soto kooperatibo bat biltzen ditu. Guti gora behera 270 ha-tan hedatuak dira.
Lur oso desberdinetan dauden mahasti sail anitzez osatua da (hareharri gorria, keuper garaiko ofita, gisu lurrak, etab…). Mahasti sail malkar horietarik (% 80ko maldak izan daitezke) gehienak terrazetan landuak dira eta, horrengatik, eskuz landu behar dira, lehengo moldean.
Irulegiko mahastia mikro-klima batez baliatzen da. Udazken ezin ederragoak eta, buruil hondarretik urri hondarrera, haize hegoa ditu abantailak.
Gaurko egunean, mahats mota beltzek landatu eremuaren % 80 hartzen dute.
Bordeles beltza, Frantziako hego-mendebalde muturreko berezitasunetarik da. Jatorri Deiturako mahats beltzeko mahastietarik gehienak bordeles beltzez landatuak dira. Arnoei egitura taniko orekatua eta fruitu gorrien tipikotasuna eskaintzen die.
Axeria Pirinioetako mendi oinetan sortu zen. Arnoei finezia eta dotoretasuna ekartzen die eta fruitu gorri zaporeak dira haren ezaugarriak.
Axeri haundia guti erabilia da jatorri deituran. Egitura eta bolumena ekartzen du, andere-mahats eta batzuetan biper zaporeekin.
Mahats mota zuriek landatu eremuaren % 20 hartzen dute, nonbait han.
Izkiriota hego-mendebalde muturreko mahats tipikoa da. Jatorri Deiturako mahats zuriko mahastietarik gehienak izkiriotaz landatuak dira. Arnoei bere freskotasuna, gizena eta zitriko zapore bereziak ekartzen dizkie.
Izkiriota ttipia, hego-mendebalde muturreko jatorri deituretan baizik ez da atzematen, kasik. Arnoari indarra eta bolumena eskaintzen dizkio, fruitu exotiko eta akazia zaporeekin.
Xuri zerratua eta xuri zerratu ttipia ez da biziki hedatua jatorri deituran. Frantzian ez da kasik bertze nehon aurkitzen. Arnoei finezia eta guritasuna ekartzen dizkie, bai eta aire aromatiko usu mineralak.
Irulegiko arnoa hiru koloretan atzematen da: beltz, gorri eta xuri idorra.
Arno beltzak aski mamitsuak eta tanikoak dira, purpura kolorekoak, zapore konplexuekin. Aberastasun aromatiko bat dute ezaugarri, bai eta dotoretasuna, mahats mota desberdinen nahasketak ekartzen diena. Beren egitura, gehienik, bordeles beltzetik heldu zaie eta sotoan ongi zahartzeko gaitasuna ekartzen die.
Arno gorriak sendoak dira, fruitu zaporeekin. Irulegiko arno gorriak bertze mahasti batzuetan aurkitzen direnez biziki desberdinak dira. Apairuak ontsa laguntzeko ahala ematen dien oreka eta kontzentrazioa badute.
Azkenik, arno zuriek lore aireak eta fruitu exotiko aireak ukanen dituzte, bai eta urre-kolorea, distira berde arin batzuekin. Haien ezaugarriak freskotasuna eta indar aromatikoa dira.